XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xabier Markiegi

Euskal Autonomi Elkarteko Arartekoa

Giza eskubideak gaur egun

Aste honetan bete dira 48 urte Nazio Batuetako Asanblea Orokorrak Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuela.

Urtero, abenduaren 10ean, egun hura oroituz, mundu osoan Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta horrelaxe egin da joan den asteartean ere.

Telebistak egunotan etxeratu dizkigun irudiek, Afrikako bihotzean barrena noraezean dabiltzan milaka errefuxiaturenak, Deklarazioen eta errealitatearen arteko kontraste ikaragarria erakusten dute.

Victor Hugok ohartarazi zuen bezala, giza eskubiden alorrean gehiago dira agindutako lurrak erdietsitakoak baino.

Giza eskubideek berekin dakartzate, aldi berean, gutxienezko kidetasuna eta inoiz osotara iristen ez den zeruertza.

Alabaina, azkenean denok agindutako lur berbera daukagu, eta balio horri ez diogu muzin egin behar.

Nahiz eta oraindik nahikoa iruditzen ez zaigun eta, batez ere, zoritxarrez arras eskasa iruditzen zaien errealitatean eskubide horien arrastorik sekula sumatu gabe bizi eta hil diren munduko milaka eta milaka herritarrei.

Miseria gorrian bizitakoei.

Goseak akabatutakoei.

Hala ere, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, ezbairik gabe, pertsona errespetatzeko eta tolerantzian elkarrekin bizitzeko prozesu historikoaren amaiera izan zen.

Eta, horregatik, on da hura gogoratzea, belaunaldi bakoitza nazioarteko portaera-kode honetaz berriro jabetu dadin eta bere egin dezan, baliagarria baita pertsona libre eta legez berdinen arteko lankidetza-sistema gisa egituratu nahi duen edozein gizarterentzat.

Justizia, lankidetza, elkartasuna, konpromezua, norberaren eta taldearen burujabetasuna, besteak errespetatzea... horiexek dira Deklarazio honek oinarri hartu dituen baloreak.

Balore positiboak, ia gizarte osoak onartu dituenak.

Eta gure munduan dauden beste batzuei kontrajarriak: bereizkeria, intolerantzia, fanatismoa, etnozentrismoa, elkartasunik eza...

Komenigarria da gure oinarrizko eskubideak indarrean daudela berrestea: bizitzeko eskubidea, askatasunerakoa, Legearen aurrean berdinak izatekoa, errugabetasun presuntziorakoa, intimitaterakoa, batetik bestera aske ibiltzekoa, jazarpena pairatuz gero asiloa izatekoa, familia bat osatzekoa, hezkuntzarakoa, pentsamendu-askatasunerakoa, adierazpen- eta elkartze-askatasunerakoa, lanerakoa, atsedenerakoa, bizi-baldintza duinak izatekoa...

Eta eskubide horiek Deklarazioaren 1. artikuluaren ikuspegitik berrestea: Gizakiak oro aske eta, duintasunari eta eskubideei dagokienez, berdinak jaiotzen dira, eta adimena nahiz kontzientzia dutenez gero, elkarrekin anai-arrebak bailiren jokatu behar dute.

Pertsona izateak egiten gaitu eskubide horien hartzaile.

Ez etniak, ez sexuak, ez erlijioak, ez hizkuntzak, ez aberastasunak ere.

Sustrai sakonenetik anai-arrebak bagina bezala jokatzera behartzen gaituena ere ez da erkidego etnikoa, ez erlijiosoa, ez hizkuntzazkoa, ez ekonomikoa, ez jenerozkoa ere.

Baizik gizakien fratriako partaide izatea.

Gizaki garelako gara libre eta legez berdinak.

Senekak zioenez elkarri barkatzeko hitzarmenetik sortuko da bakea, gure lurrean gaur hain beharrezko dena; eta izango al gara hain funtsezkoa den aitorpena gutako bakoitzak besteak bere kideko bailiren errespetatzen ditu hitzarmen horren zimenduetan txertatzeko gai?

Eta, halaber, bakoitzak bere adimenak diotsona pentsatzeko eskubidea duela, beste inork horregatik baztertu edo suntsitzerik ez daukalarik?

Gure elkarbizitzan oinarri horiek sendotzea benetan lortzen badugu, energia ugari geratuko da aske beste giza eskubide batzuk zabaldu eta sakontzen jarduteko, sozialak eta ekonomikoak, bai hirugarren belaunaldikoak deritzenak ere, elkartasunean oinarrituak.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Urtea izendatu duen 1996. urte honetan, J. Wresinskik irmo adierazten zuena ekarri nahi dut gogora: Gizon-emakumeak miseria gorrian bizitzera behartuak dauden edonon urratzen dira giza eskubideak.